Udalak uste du enpresak kudeatzen duen zabortegiko lixibiatuak errekara isuri dituztela.
Uraren Agentziaren aurrean jarri dute salaketa.
Zallako Udalak Cespa enpresaren kontrako
salaketa aurkeztu du Uraren Agentzian. Las Lagunasko hondakindegia
kudeatzen du aipatutako enpresak, Zallan (Bizkaia), eta udalak susmoa du
hondakindegi horretako lixibiatuak La Jarilla errekara isurtzen
dituztela.
Hainbat txosten eta neurketa aurkeztu ditu Zallako
Udalak susmoa oinarritzeko. 2013ko uztailaren 22an egindako azterketa
baten arabera, erreka horretako uraren %8 inguru lixibiatuak ziren, eta
bestelako gai kutsatzaileak ere aurkitu zituzten; horien artean, metal
astunak.
Cesparen jarduera ikertu, dagozkion zigorrak ezarri eta
isuriak eteteko neurriak hartzeko eskatu dio Zallako Udalak Uraren
Agentziari. «Gure baratzeak ureztatu eta gure aziendak asetzen dituen
erreka horrela egotea ezin onartuzkoa da», adierazi du Javier Portillo
Zallako alkateak.
Zabortegia, gatazka iturri
Lehenago
ere, Las Lagunasko hondakindegia eta hura kudeatzen duen Cespa
enpresaren jarduera gatazka iturri izan dira. Zallako Udalak behin baino
gehiagotan eskatu du zabortegia ixteko; azkenengo aldiz, joan den
apirilean, Eusko Jaurlaritzak zabortegiari emandako baimenari helegitea
jarri ziotenean.
Maiatzean, berriz, udalak Cespa salatu zuen
ostera ere, eta Zabalgarbi errauste plantako zepak hondakindegi
horretara jaurtitzen ari zirela ohartarazi.