Iturria: Zero Zabor.
Datu asko daude, eta hurrengo egun eta asteetan ondo aztertu eta komentatu beharko dira.
Guk hondakin organikoei buruz berba egiten hasi nahi dugu, egoera oso txarra delako.
Iaz Bizkaian 5.736.000 kilo hondakin organiko jaso ziren banatuta, konposta egitera bidaltzeko. Hori asko edo gutxi da? Ikus dezagun:
2014an Bizkaian 471.553.000 kilo etxeko hondakin sortu ziren. Diputazioaren estimazioen arabera, hondakin horien %35a hondakin organikoa da. Orduan, Bizkaiko etxeetan iaz 165.044.000 kilo hondakin organiko sortu ziren, eta bakarrik 4.659.000 kilo jaso ziren banatuta.
137.241.000 kilo hondakin komertzial ere sortu ziren Bizkaian, baina horietatik organikoa zenbat izan zen jakitea ezinezkoa da, Diputazioaren esanetan karakterizazioa egitea oso zaila delako. Komertzioetan banatuta jaso ziren organiko kiloak 1.077.000 izan ziren.
Beraz, banatuta jaso ziren hondakin organiko kiloak 5.736.000 izan ziren: 4.659.000 etxeko hondakinetan, eta 1.077.000 hondakin komertzialetan.
Ondorioz, hauxe esan dezakegu: Bizkaiak 5.736.000 kilo organiko bidali zituela konpostatzera, eta 160.385.000 kilo organiko baino gehiago bidali zituela erretzera eta zabortegietara.
Bizkaiak lan oso handia dauka egiteko oraindik bilketa selektiboan. Hondakin organikoak konpostatu egin behar dira, eta ez zabortegietara bota. Gu prest gaude bide hori egiten laguntzeko.