viernes, 6 de febrero de 2015

Bizkaiak Artigaseko zabortegiari 2041a arte luzatu dio bizia

Iturria: Argia

Berria egunkariak erakutsitako argazki eta bideoek (“Artigas zabortegi alboko mendialdea plastikoz beteta dago duela bi astetik“) hautsak harrotu eta egun gutxira, Deiak zabaldu du Bizkaiko Foru Aldundiak instalazio hori 2041. urtea arte zabalik edukiko duela. “El vertedero de Artigas prepara la apertura de su segunda fase” albistean dioenez, 1,41 milioi metro kubiko hondakin metatzeko lekua daukan orain arteko zabortegiaren ondoan bigarrena ari dira prestatzen, datozen 26 urteotan 1,19 milioi metro kubiko hartzeko moduan egon dadin. Aldundiak lehia publikora atera du gune hau inpermeabilizatu eta gaitzeko azterlana.
Zer eramango da Artigaseko bigarren hobira? Alberto G. Alonsok aipatu kronikan dio hitzez hitz: “… Vertedero de Artigas, un espacio reservado para albergar a lo largo de las próximas dos décadas y media las basuras que no puedan ser recicladas o incineradas en Bizkaia”. Europako legediaren arabera batere tratatu gabeko zabor nahasientzako zabortegiak itxi behar direnez, pentsatu behar da horra eramango direla inguruko TMBan tratatu eta geldotutako azken errefusak.

Aspalditik betetzen ari diren Artigaseko zabortegiaren ondoan antolatu da Bizkaiko hondakinentzako azpiegituren gune erraldoia. Zabalgarbi errauskailuaren enpresak zabaldutako argazkian ikus daitezke instalazioak: zabortegiak azpiko aldean dauzka Bizkaiko konpost planta eta beherago bien ur zikinak depuratzen dituena; horien ezkerrean, muino bat dutela tarteko, goian TMBa eta behean Zabalgarbi errauskailua. Inguruan, Kadaguako korridorea eta SuperSur autobidea.

Artigasekoa ez da Bizkaiko zabortegi bakarra. “Zabalgarbi errauskailuaren negozioa dirulaguntza publikoetan oinarritzen da” kronikan azaldu zenez, errauskailuak kixkalitako gaiak lurperatzeko instalazioak behar ditu. 2009tik 2012ra bitartean Zabalgarbik laga ditu 208.000 tona eskoria Zalla (CESPA konpainiak kudeatua) eta Igorreko (Garbikerrek kudeatua) zabortegietan. Gainera, epe berean 16.100 tona errauts arriskutsu sortu ditu, Alonsotegin bertan dagoen SADER enpresak tratatu eta hondakin gehiagoren artean bilduz 30.000 tona bihurturik Lemoako Bistibieta (kudeatzailea EKONOR) eta Larrabetzuko (CESPA) zabortegietara bidali direnak.