Gure natur guneak eta gure
baserri-auzuneak zulatzeko, zatitzeko, erdibitzeko,… LARDASKATZEKO, Espainiako
Gobernuak zein Jaurlaritzak hartu duten deliberoaren kontra protestatzeko
parada izango duzu datorren igandean, Bide Onera Plazan, 12:15ean. Bertan
egongo gara gobernu horien erabakiaren kontra gauden auzokide guztiok. Kontuz!
Gure bihurrikeria hain handia da, non ez garen konformatzen Barakaldoko
erdiguneko kaleetatik ibilaldi sinple bat egitearekin; gure asmoa, protesta
hori egiteaz gain, dibertitzea, gozatzea, eta dantzatzea da. Hori guztia egingo dugu, Bilboko
Itsas-portutik merkantziak ateratzeko asmatu duten Hego-Sahiesbideko Trenaren arbuioa
argia baino argiagoa utzi nahi dugunok.
Ez dugu nahi gure berdegunerik
garrantzitsuena merkantzia-tren zaratatsuek zeharkatuta egotea. Are gutxiago
haren ibilbidea lindano-gordailuaren azpitik zirkulatu behar badu, edo
Gorostitza eta Zubileta-Kastexana bezalako auzuneak zeharkatu behar baditu,
bertako etxeak zein biztanleok arriskupean jartzen; Are gutxiago, iraungitze-arriskuan dauden landare
espezieak suntsituz, edo gure kultura ondarea zein ingurugiroa endekatuz.
Ez dugu nahi gure etxea, GUZTION ETXEA, behin eta berriro
zulatzea. Hori proposatzen dutenek, etorkizun, aurrerapen eta garapen ekonomikoa
aipatzen ohi dituztenek buru zaharmindua, eta atzerakoia dute, irudimen izpirik
gabekoa; hain zuzen, irtenbide egokirik eskaintzeko inolako gaitasunik ez
dutelako. Gainera dena IRAUNKORTASUNAREN izenean egiten omen dute! Ba aizue! Gure ama lurraren kontserbazio, defentsa
zein hobekuntza baino
iraunkorragorik ez dago.
Baina harrigarriena: gu,
auzokideok, honen guztiaren aurrean, isilik eta eskuak gurutzaturik egotea nahi
dute.
Triste, goibel eta grisaxka nahi gaituzte,
porlan
mota guztien kolorekoak, baina lehen esan dugun bezala, jende bihurria gara;
gure mendietako berde guztiak geuretzat errebindikatzen ditugu, baita gure
auzuneetako poza, animalien marruak eta landareen dar-dar soinua, eta gure
ibai-erreken ur-musika ere … hori da gure mintzaira, eta honela esango diegu.
Beraz, inauterietako mozorroa ez gorde oraindik; jantzi ezazu behin ere, edo
jantzi tradizionala ekarri, edo etorri nahi duzun bezala, eta parte hartu
gurekin ekitaldi koloretsu horretan.
Esandakoa: datorren igandean, 12:15ean, Bide Onera plazan, eta bihar,
larunbatean, aukera eta gustukoa baldin baduzu, zatoz gurekin deialdi hori
Barakaldoko txoko guztietara zabaltzeko; Zuazoko azoka egiten den lekutik
12:15ean abiatuko den kotxe-karabanan parte hartu.
Merkantzia-tren berria geratzeko milaka sinadura bildu ditugu
Urtarrilaren 19an #xBRKsinatzenDUT sinadura-bilketaren kanpainarekin hasi ginen eta hiru astetan merkantzia-tren berriaren proiektua geratzeko, auzokideekin eztabaida irekitzeko eta herri-kontsulta egiteko Barakaldarron 2500 sinadura jasota genituen.
Gaur askoz gehiago dira. Auzoz auzo egon gara: jaietan, inauterietan,... Ikusi dugu gero eta jende gehiagok nola kontuan hartzen duen proiektu hau gure birika berdean astokeria hutsa dela.
Mahaiak ipintzen, auzoz auzo joaten, hitzaldiak egiten, informatzen... gure landa-auzoetatitk eta gune naturaletik zeharkatuko den merkantzia-tren berriaren aldeko gobernukoen asmoa gelditzeko sinadurak eta ahotsak biltzen jarraituko dugu.
BARAKALDO NATURALA
(Eguzkik plataforman parte hartzen du)