viernes, 27 de julio de 2012

Superzor


- Adi!
- Handik, eskumara egin…
- Ez… hemengo hontatik da… ezta?
- Ezetz ba! Ez al duzu peajean ikurra ikusten? Eskumara joe!
- Bale, bale… Han aurrean beste bifurkazio bat… adi…
- Hontan ere peajean ikurra dago… ez dakit ba, ez dakit ba…. eskuma!
- Baina han Portugalete diño!
- Bai, ta bestean peajea….
- Bai, baina Bilbao dion bakarra da!… handik noa….
- Izeeeetz… ikusikozu nola Supersurran sartzen gaituen…
- Ikusikou…
..........

Kar kar kar… barre egiten du Jose Luis Bilbaok bere ordenagailuan instalatzea eskatu duen Supersurraren sarrerako bideo irudiak ikusita. Batzuek laneko ordenagailuan sare sozialen bat zabalik duten bezala, noizen behin bistadizo bat emateko, Bilbaok autobideko kameren irudiak ditu, Supersurraren hego ta ipar sarreren irudiak jasotzen dituztenak. Abisu ere egiten dio auto bat sartzen den bakoitzean (kamioiak derrigor sartu behar direnez ez du graziarik…). Bost minuturo “beep” batek jo eta auto gidari inuxenteak bere sareetan nola sartzen diren ikustearekin alaitzen du esistentzia Bizkaiko Diputatu Nagusiak.

Aintzane eta Pello ere erratu dira, eta Kantabriatik Bilborako azken zatia zubi-tunel-zubi-tunel ulerkaitz batean egin beharko dute, basamortua ditrudien errepidean, ordainsaria irribarre oker batekin emateko sudokuak egiten aspertzen den kabinako beharginari. Peajera heltzean, badirudi ez direla bakarrak. Aurreko autoko gidaria garrasika ari zaio sudokutik begirada ozta ozta altxartzen duen beharginari – gaurko hogeigarrena ei da -. Aintzane eta Pello ez dira oldartuko. Zentzugabekeria eta injustiziara ohituegiak daudelako agian, edo ohiukatzeko indarrak xahutuak dituztelako bestela.

Dabid, Enkarna, Mikel eta Estitxu Bilbora doaz egunpasa, Marijaiari bisita egiten. Ez dira aspaldion etorri, eta Malmasingo tunela zeharkatu ondoren, Mirafloreseko irteera hartzera doazela, ezezagun egin zaio Dabidi errepidea. Badazpada ere, seinaleei kasu egitea erabaki du, eta astiroago gidatu. Han ikusi du, betiko tokian Mirafloreseko irteera, lehen karril bat zena bitan bihurtua. Eskumakoan jarri da. Metro batzuk aurrerago, errepidea bitan banatzen dela ikusi du, eta Mirafloresko irteera ezker karriletik dela. Eskumakoak Supersurrera darama. Arineketan, karrilez aldatzeko maniobra egin du, baina ez dio erreparatu presaka datorren furgonetari. Furgonetak eta Dabidek balaztatu dute. Berandu.

Beste “beep” bat Joseluren ordenagailuan. Oraingoan ez du barrerik egin. Kontzientziak goibelduko dio existentzia aurrerantzean. Dirua eskainiko die familiarrei. Diruak dena konpontzen duela uste duenetakoa da eta. Halaxe ibili da Bizkaia Monopoly-aren antzera antolatzen. Baina zorren garaia heldu da. Amaitu da Monopoly-a eta barniza. Drama kalean da.

Supersurraren zorrak ez du kezkatzen PNV, bere politikak pasatuko dion fakturak baizik. Aldaketa garaia da.

http://bilbokobranka.info/?p=24369