viernes, 20 de junio de 2014

Eusko Jaurlaritza, frackingari oztopoak kentzen

Iturria: Argia. Unai Brea.
http://www.argia.com/blogak/unai-brea/2014/06/19/eusko-jaurlaritza-frackingari-oztopoak-kentzen/
Hego Euskal Herriko zati handi bat dago haustura hidrauliko bidez gasa ustiatu nahi duten enpresen jomugan. Araba eta Bizkaiaren kasuan, ia lurralde osoa. Gauzak astiro doaz ordea. Bistan da oraindik ez direla zulatzen hasi; eta zulatzen hasteko unea atzeratuz doa gainera. 2007rako lehen putzuak egiteko asmoa zutenek nekez pentsatuko zuten 2014 ere makinak lanean jarri gabe joango zitzaienik, joango zaienez.
Munduko bazter honetan frackingaz hitz egiten hasi zenean, begi guztiak Subilla Gasteiz herritik gertu dagoen eta goiko argazkian ageri den zelaiari begira jarri ziren, aurreikusita baitzegoen lehenbiziko bi putzuak han egitea. Baina hala egin nahi zuten –eta duten– enpresei ez zitzaien falta zalantzarako arrazoirik. Aipatutako eremua Gasteizko Mendien barruan dago, eta oraintsu arte Gasteizko Mendiak parke natural bihurtzeko tramiteak martxan izan dira. SHESAren (hidrokarburoen EAEko enpresa publikoa) eta Heyco eta Cambria estatubatuarren arteko bileretako aktetan irakur daitekeenez, 2007an Heycoko presidenteak galdetu zuen ea ingurumen aldetik oztoporik egon zitekeen frackingerako; SHESAko ordezkari batek erantzun zion Gasteizko Mendiek etorkizunean lor zezaketen babes araudiarekin kontuz ibili beharko zirela. Babes hori gauzatzeko urratsak emana ahala, Subillan bi putzu zulatzeko asmoa hoztuz joan da, nonbait.

Ingurua parke natural izendatzeko prozedura nork eta PPk bultzatu du, Gasteizko Udaletik. Hara non baina, azkenik ezetz esatea erabaki duen Jaurlaritzak. Parke natural ez, Europako babes-eremu kategoria, ahulagoa, emango zaie Gasteizko Mendiei, eta hasieran aurreikusitako gainazalaren zati txiki bati besterik ez. Argudio nagusia da aintzat hartu dituztela inguruko herrietako lehen sektoreko langileen alegazioak, haiek ez baitzuten nahi babes figura sendo bat ezartzerik, horrek euren jardun ekonomikoa oztopatuko zuelakoan.

Kontua da Subillako zelaia, hala nola Gasteizko Mendien bost seiren, babes eremutik kanpo geratu direla. Zulatzaileek libre dute bidea berriz. Eta goi tentsioko lineak ezarri nahi dituztenek. Eta Gasteiz hegoalderantz haztea gura dutenek… Haustura hidraulikoaren gorabeherak oso gertutik jarraitzen dituen Iker Armentia kazetari arabarrak txiokatu du: Jaurlaritzaren mezua da ez dela komeni Gasteizko Mendiei babes handia ematea, etekin polita eman dezakeen ingurua baita. Ez dut nik kontrakoa esango. Diskurtsoan nolabaiteko anbiguetateari eutsi badio ere, ekintzek garbi erakusten dute EAJ frackingaren aldeko posizioetara lerratuz joan dela –inoiz kontra egon bada–, Lakuara itzuliz geroztik.