martes, 23 de septiembre de 2014

Zallako Udalak Cespa salatu du, ura kutsatzeagatik

Iturria: Berria

Udalak uste du enpresak kudeatzen duen zabortegiko lixibiatuak errekara isuri dituztela.

Uraren Agentziaren aurrean jarri dute salaketa.
 
Zallako Udalak Cespa enpresaren kontrako salaketa aurkeztu du Uraren Agentzian. Las Lagunasko hondakindegia kudeatzen du aipatutako enpresak, Zallan (Bizkaia), eta udalak susmoa du hondakindegi horretako lixibiatuak La Jarilla errekara isurtzen dituztela.

Hainbat txosten eta neurketa aurkeztu ditu Zallako Udalak susmoa oinarritzeko. 2013ko uztailaren 22an egindako azterketa baten arabera, erreka horretako uraren %8 inguru lixibiatuak ziren, eta bestelako gai kutsatzaileak ere aurkitu zituzten; horien artean, metal astunak.

Cesparen jarduera ikertu, dagozkion zigorrak ezarri eta isuriak eteteko neurriak hartzeko eskatu dio Zallako Udalak Uraren Agentziari. «Gure baratzeak ureztatu eta gure aziendak asetzen dituen erreka horrela egotea ezin onartuzkoa da», adierazi du Javier Portillo Zallako alkateak.

Zabortegia, gatazka iturri

Lehenago ere, Las Lagunasko hondakindegia eta hura kudeatzen duen Cespa enpresaren jarduera gatazka iturri izan dira. Zallako Udalak behin baino gehiagotan eskatu du zabortegia ixteko; azkenengo aldiz, joan den apirilean, Eusko Jaurlaritzak zabortegiari emandako baimenari helegitea jarri ziotenean.

Maiatzean, berriz, udalak Cespa salatu zuen ostera ere, eta Zabalgarbi errauste plantako zepak hondakindegi horretara jaurtitzen ari zirela ohartarazi.