martes, 9 de mayo de 2017

CETA itunaren eragin kaltegarriaz ohartarazi dugu berriro

Madrilgo Kongresura iritsi da CETAren izenpetzearen inguruko eztabaida. Horren harira, itun honen aurka egiteko jarrera berretsi dugu, ondorio kaltegarriak besterik ez baititu ekarriko. Korporazio handien neurrira egindako legediak bultzatzea du helburu; hauek bertako merkatuan dituzten azken mugak ezabatzea, hain zuzen ere. Hitz batean, CETA bezalako nazioarteko itun ekonomikoek neoliberalismoan sakontzen dute.


Europako Parlamentuaren osoko bilkurak Europar Batasunaren eta Kanadaren arteko Ekonomia eta Merkataritza Akordio Orokorraren testua bozkatu zuen otsailean; hots, CETA ituna, bere ingelesezko laburdurekin ezagutzen den tratatua. Hala, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Bizkaiko eta Nafarroako TTIP/CETA ez plataformekin batera, hainbat mobilizazio antolatu zituen Hego Euskal Herriko hiriburuetan, itunak ekar ditzakeen ondorioaz ohartarazteko.

Madrilgo Kongresura iritsi da orain eztabaida, eta salaketa bere horretan mantentzen dugu, CETAren aurkako plataformak zerrendatutako arrazoiak direla medio.

Legebiltzarkideei gutuna
Autonomia Erkidegoek ez dute eskumenik CETA onartzeko, baina bertan dauden alderdietako batzuk izan dira bai Europar Batasunean, bai Espainiar Parlamentuan, bere negoziazioa eta onarpena bultzatu dutenak. Beraz, orain eskumen ezaren aitzakiapean eskuak garbitu nahi badituzte ere, erantzukizun zuzena daukate. Hori dela eta, legebiltzarkideei azalpenak eskatzeko kanpaina abiatu du CETAren aurkako plataformak: "Ez iezaiezu utzi eskuak garbitzen! Herritar zaren heinean, behartu zure eskubideak babesten! Idatzi CETA babesten duten alderdietako parlamentari guztiei, euren postura aldatzera behartzeko!".