jueves, 16 de noviembre de 2017

Aldundiak Barakaldoko eta Sestaoko Udalei egozten die Galindoko arroko hondakinen zaintzaren, kentzearen eta zigortzearen ardura

-->
lastaira
Eguzkik abuztuan egindako salaketari Sestaoko Udalak eta Aldundiak emandako erantzunek agerian uzten dute administrazioen arteko koordinazioa ez dela eraginkorra, inplikatutako aldeek ez baitute indarrean jartzeko interesik.

Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Bizkaiko Foru Aldundiko Sailak adierazi du “arroen mantentze eta garbitze lanak” ez direla “haien ardurapekoak” eta “hondakin urbanoen kudeatzearen, zaintzaren eta zigortzeko ahalmenaren ardura hondakinen kontrolik gabeko uzte, isurtze eta deuseztatze kasuetan tokian tokiko udalei” dagokiela, “kasu honetan Barakaldoko eta Sestaoko Udalei”, Eguzkik abuztuaren 22an aurkezturiko salaketaren aurrean azaroaren 10ean jasotako erantzunean agertzen denez, Galindoko arroan Ur Partzuergoaren araztegiaren parean aurkitutako tamaina handiko eta legez kanpoko hondakin solidoak direla-eta.

Talde ekologista honek orduan nabarmendu zuen tokiko erakundeen ardura auzi honetan, bi udalei, Aldundiari eta URA Uraren Euskal Agentziari igorritako idazkian. Batzuek, Barakaldoko Udalak eta URAk esaterako, ez dute erantzuten; beste batzuek, Sestaoko Udalak eta Aldundiak kasu, erantzukizunak saihestuz erantzuten dute.

gurpilak
Sestaoko Udalaren irailaren 5eko gutunean adierazi zuten “Udal Zerbitzu Teknikoek egindako ikustaldian” ez dela “tamaina handiko edo kontrolik gabeko hondakinik aurkitu” eta ez diotela beharrezko iritzi “unean uneko interbentzioari”. Gogorarazi behar da uraren maila igo eta jaitsi egiten dela, eta uraren laminaren maila apala zenean egindako argazkiek erakusten zutela pilatutako auto gurpilak, zenbait metroko PVC hodiak, neurri handiko belakiak, supermerkatuko orgatxoak eta beste bazeudela.

Era berean, eransten zuen “ondare publiko hidraulikoaren mantentzeak (ibaiaren arroa, ur lamina eta abar) Udalaren eskumenen esparrua gainditu” egiten duela. “Ondare publiko honetaz, URA Uraren Euskal Agentziak bermatzen du ardura orokorra edo espezifikoa duten erakundeen koordinazioa”. Hots, eskuak garbitzen ditu eta beste alde batera begiratzen du, baina, aldi berean, benetako arazoa agerian uzten du: KOORDINAZIO FALTA.

tutueria
Sestaok URA seinalatzen duen bitartean, Aldundiak udalen gainean jartzen du erantzukizuna, Barakaldokoan zein Sestaokoan. Tartean, URAk isilik dirau. Honen aurrean, Eguzkik uste du gutxienez udalen erantzukizuna izan beharko lukeela arroaren egoera zaintzeak eta koordinazio lerroak abian jartzeak legez kanpoko hondakin kutsatzaile horiek berehala erretiratzeko, hondakin horiek hor daudela jakinarazi ostean.

Herritarrok izan behar al dugu administrazio guztietan aterik ate ibiliko garenok, baten batek “bai, hemen da” esan arte? Koordinazio protokolo bat edukita, ez lukete berehala abian jarri beharko, legez kanpoko isuri kutsatzaile horien berri izan bezain pronto? Berriro diogu, argazki mordoa dugu, hemen ikusgai daudenak: http://eguzki.org/es/2017/08/22/eguzkik-galindo-ibaiaren-egoerari-buruz-ohartarazi-die-barakaldoko-eta-sestaoko-udalei-foru-aldundiari-eta-urari/

supermerkatu-orga
Ingurumena babesteaz hitz egiteak eta bi udalerriotan Galindok duen egoera negargarriaren aurrean erakutsitako arduragabekeriak hipokrisia maila handia erakusten dute, eta iduri luke gure agintariek, Atilaren gaur egungo bertsioa balira bezala, igarotzen diren lekuetan porlana eta suntsidura baino ez dutela utzi nahi. Hurrengo belaunaldiek ondare hori dela-eta oroituko dituzte.
EGUZKI (2017/11/16)