“Baso bete ur” esaten ikasi nuen euskaltegian nengoela. Noski, ura hutsa eskatzeko. Orain Barakaldon ura hutsa edaten dugunean ez dakigu benetan ura hutsa den edo nolabaiteko “gehigarria” daukan.
2008ko urriaren 2an berri bitxia agertu zitzaigun egunkarietan; Barakaldo herria urez hornitzen duen Basatxuko araztegia itxita zegoen bertako uretan lindano aurkitu zutelako.
Baina berri honek bazeuzkan berezitasun batzuk: lindanoa uztailean aurkitu zuten baina Instituzio eta Erakunde Publikoak kudeatzen dituzten alderdi politikoek ez zuten txintik esan; ez Udalak ez Eusko Jaurlaritzak. Eta azkenean, ia bi hilabete beranduago, prentsaren bidezko “filtrazioa”ri esker jakin izan genuen zer gertatua zen. Susmo txarra hartzeko ezin aproposagoa, ezta?
Jarrai dezagun; urrian bertan Eguzki partaidea den Ezpitsua plataformak informazioa eskaera egin zion Udalari, eta baita ere benetako ikerketa epidemiologikoa egiteko barakaldarren artean. Erantzuna, inolako daturik gabeko izan zen.
Zori hobea eduki zuen ezker abertzalearen Txiki Castaños zinegotziak Eusko Jaurlaritzari egin zion informazio eskaerarekin: erantzuna urriaren 22an heldu zen eta hau da bere laburpena:
-“uran aurkitutako lindanoaren maila legez onartutakoa baina apur bat altuagoa baino ez da izan.”
-“Lindanoa uztailaren 29an aurkitu zuten (aurreko azterketa apirilean egin zuten)”
-“Kutsadura Oiola urtegitik dator baina oraindik ez dago jakiterik zehazki non sortzen da”.
-“Kutsatutako ura Barakaldoko erdigunea, Burtzeña, Errekatxo eta Erreka-Ortuko biztanleek edan zuten. Halaber, haien kalkuluen arabera kontsumoa ez da kaltegarria izan”.
-“Garbitu dute Basatxuko araztegia eta orain datorren ura Arabatik eta Venta Altatik dator”
-“Barakaldarrei informazioa eman zietela datu hauek publikoak direlako www.osanet.euskadi.net helbidean” (barre egin behar dugu azken erantzun honekin?)
-“Ez dute ikerketa epidemiologikoa egingo beharrezkotzat jotzen ez dutelako”.
Aztertu ditzagun erantzunak:
- Frogaren egunean uretan aurkitutako lindanoa gutxi izan omen da, baina ¿zenbat denboraz egon gara kutsatutako ura edaten, kopuru txiki horiek egunero, egunero edaten ?, ¿Aste bat?, ¿hiru hilabete?. Kontutan hartuta lindanoa gorputzean metatzen dela eta, besteak beste, minbizia sortzen duela ¿nola esan dezakete kontsumoa ez dela kaltegarria izan inolako azterketa medikurik gabe?
- Kutsadura uztailaren 29an aurkitu bazuten ¿Zergatik ez zuten publikoa egin? ¿Zergatik prentsaren bidez jakin behar izan dugu urriaren 2an?
- Kontutan hartuta Barakaldon azken urteotan lindanoa nonahi aurkitzen ari direla, inolako kontrolik gabe barreiatu zutelako, logikoa da pentsatzea barakaldarren osasunean nolabaiteko eragin kaltegarria egin eta egiten ari dela…. Zergatik ez dute egin nahi benetako ikerketa epidemiologikoa?
Kapitalismo basatiak (ba al dago basatia ez den kapitalismoa?) aje hauek dauzka; etekin pribatu batzuk lortzeko kantzerigenoa den hondakin industrial batekin kutsatu zuten udalerri (eta eskualde ) oso bat. Eta gainera orain ez dago errudunik. Krimen perfektua. Gure eguneroko bizitzan ezagutzen ditugun minbizi kasuak kasualitate edo patuaren ondorio hutsak ei dira. Eta kasualitatea eta patua ezin dira epaitu ezta ardurak eskatu ere.
Agian ekidinezina izan da barakaldarrok lindanoz kutsatutako ura edan behar izatea, baina eskubidea daukagu jakiteko horrek kaltetu gaituen ala ez. Horregatik kasu honetan salatzekoa da Eusko Jaurlaritzak eta Udalak informazioa ezkutatu nahi izatea eta orain benetako ikerketa epidemiologikorik egin nahi ez izatea.
- Informatuta egoteko eskubidearen alde.
Barakaldon benetako ikerketa epidemiologikoa egin dezaten jada.