(Irudi gainean sakatu bideo ikusi ahal izateko)
Apirilean elkarrizketa egin ziguten Hamaika Telebistan Barakaldon daukagun Lindanoaren arazoari buruz.
TALDEAREN INGURUKO GALDERAK
- Zein taldekoak zarete eta nola ekin diozue gai honi?
Gu Eguzki Talde Ekologistako kideak gara baina gai hau Ezpitsua Plataforma bezala lantzen dugu. Ezpitsuaz gain Barakaldoko uraren kalitatearen inguruan dagoen arazoa lantzeko, herriko beste hainbat elkarte eta alderdi politiko batu gara.
- Noiz jaio zen Ezpitsua plataforma eta zein arazori edo behar izanei erantzuteko?
Ezpitsua 1999an jaio zen eta hasieran, herriko 12 elkarte baino gehiago ginen, horien artean auzokide elkarteak, talde ekologistak, gazte taldeak, herritarrak...
Ezpitsuaren lehenengo helburua Zuloko-Ibarretako padura defendatzea izan zen eta garai hartako eskaerak bi ziren, zonaldearen babesa eta bertan Megapark ez eraikitzea.
Gaur egun Ezpitsuak duen funtzionamenduari dagokionez, hamabost egunean behin elkartzen gara Barakaldo mailan eragina duten arazoak (Lindane, kutsatutako lurrak, kutsadura elektromagnetikoa...) lantzeko. Gainera, arazo bati aurre egitea beharrezkoa denean sorreran Ezpitsuaren baitan lan egin zuten talde guztiak deitzen ditugu batera lan egiteko.
- Zer-nolako harrera duzue orokorrean, jendeak zer pertzepzio dauka ekologismoaren gainean?
Ezpitsua gaur egun, Eguzki, Ekologistak Martxan eta auzokide elkarte batzuk dinamizatzen duten arren Barakaldoko herri mugimenduan, erreferentzia taldea da.
Talde desberdin askoren batuketa garenez herritarrek Barakaldoko ingurune naturalak eta herritarren eskubideak defendatzen dituen plataformatzat hartzen gaituzte.
Gainera, instituzioei begira, hauen artean, gure hitzak pisua dauka, plataforma honek herritarren nolabaiteko babesa duela dakitelako.
LINDANOAREN INGURUKO GALDERAK
- Arazoaren aurkezpena:
Barakaldoko edateko uren kalitatea berriro ere zalantzatan jarri da Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumo Sailak herria hornitzen duen Oiola urtegia ixteko agindua eman du eta.
- Zelan definituko zenukete Lindanoa?
5Oeko hamarkadaren bukaeran, produktu organokloratuak pestizida edo intsektizida gisa erabiltzen hasi ziren, Lindanoa horietako bat izan zen. Gaur egun, konposatu hauen ekoizpena oso murriztua dago lurralde garatuetan gizakiongan duten eraginagatik.
Lindanoa HCH izeneko molekula organokloratuaren isomeroetako bat da, gamma (γ) isomeroa hain zuzen ere.
Garai batean, HCH bost isomeroen nahasketa erabiltzen hasi ziren intsektizida gisa baina laster gamma isomeroaren askoz propietate hobeak zituela ohartu ziren eta horixe erabiltzen hasi zen.
HCHaren ezaugarriei dagokionez, konposatu lipofilikoa da, hau da, gantzetan erraz disolba daiteke. Gainera, oso astiro biodegradatzen da oso egonkorra delako ingurune-baldintza normaletan. Ondorioz, HCHa oso erraz metatzen da bizidunetan eta oro har, ingurunean.
- Zer arazo ekar ditzake lindanoarekin kontaktuan egoteak? zelan kutsa daiteke pertsona bat?
Arriskuak giza osasunean
Giza osasunean eragin ditzakeen kalteak dosiaren eta isomero kopuruaren araberakoa. HCHa irentsiz, arnastuz edo azalaren bidez ailega daiteke gure gorputzetara.
Dosi handitan hartuz gero, HCHak buruko mina, , ezinegona, insomnioa, beherakoa, goragalea, oka egitea eta sukarra eragiten ditu, besteak beste. Esposizio handiagoek ataxia eta konbultsioak eragin ditzakete eta kasurik larrienetan, koma, birika edema, bihotz-kolapsoa eta heriotza ere eragin ditzakete.
Toxikotasun kronikoari (dosi txikiekiko esposizio jarraituak sortutako efektu toxikoei) dagokionez, HCHak gibel- eta are-arazoak, giltzurrun-arazoak, arazo hormonalak eta ginekologikoak. odol-arazoak eta nerbio-sistema zentraleko arazoak eragiten ditu. Fetuetan ere eragina izan dezakeela uste da.
Bestalde, HCHak minbiziarekin duen loturari buruzko saio ugari egin izan da eta horietako askotan, HCHak hainbat animaliagan minbizia eragin dezakeela ikusi da. Hori dela eta, gizakiarengan ere minbizia sor dezakeela pentsa liteke, erabateko baieztapenik lortu ez bada ere.
Arriskuak ingurumenean
Bere ezaugarriengatik Lindanoa oso erraz metatzen da ingurumenean eta ingurunean egonda HCHa bizidunetara heldu eta katea trofikoetan metatzen da.
Gaur egun, Lindanoaren isurketek sortutako arazoak konpontzeko beharraz ohartu gara eta baita arazoa konpontzearen zailtasunaz. Izan ere, lurrekin nahasitako HCH ziurtasun osoz suntsitzeko prozesu bideragarririk ez da aurkitu oraindaino.
- Zeintzuk dira arazo honen aurrekariak?
2008ko uztailean, Basatxuko araztegiak, legediak HCH isomeroetarako ezartzen dituen muga balioak gainditu zituen, 154 ng/l neurtu ziren, eta gutxienez 3 hilabetez kutsatutako ur hau edan eta erabili genuen. Gizakion osasunerako arriskutsua izateagatik, Osasun Sailak araztegi hau ixtea erabaki zuen. Kutsaduraren iturria Oiolako urtegia zela jakin zutenean araztegia ireki zuten berriro ere baina Oiolako urtegia erabiltzea galarazi zuten.
Urte horretan jarraipenerako batzordea martxan jarri zen eta bertan Osasun eta Kontsumo Sailak, Barakaldoko Udalak, Trapagako Udalak, IHOBE sozietate publikoak, URAk eta Bilbao Bizkaia Ur Patzuergoak parte hartu zuten.
Garai hartan administrazio hauengana jo genuen informazio eske eta horrekin batera Ezpitsua interesatu gisa hartzeko eskatu genion. Baina ez genuen inolako erantzunik jaso.
- Zer gertatu da azken hilabete hauetan?
2011ko maiatzean, Osasun Sailak urtegiko uretara konektatzeko baimena eman zuen baina bi baldintzekin: segurtasun protokoloa eta alarma sarea izatea, badaezpada kutsatzailea berriro agertzen zen. Protokoloak segurtasun emaria ezartzen du , 50l/s (50 litro segundoko) eta baita astero HCHren laginketa egitea eskatzen du ere. Segurtasun emaria gainditzen denean edo HCHren isomeroren batean 20ng/l gainditzen denean, urtegiaren sarrera ezereztu egingo da.
Baina, Alarma sare honek ez du inoiz modu egokian funtzionatu, horregatik 2011ko azaroan Osasun Sailak Barakaldoko Udaletxeari urtegi hau ixteko agindua eman zion. Baina, 2012ko otsailaren 12ra arte ez zuten urtegia itxi hau da, agindua eman eta ia-ia 3 hilabete beranduago. Azkenengo datu hau guk egindako ikerketei esker lortu dugu, ez baitugu inolako informaziorik jaso gorago azaldu dugun bezala.
Arazoa da, abenduan eman ziren ur jasen ondorioz protokoloak ezartzen duen segurtasun emaria gainditu zela eta baita kutsatzaile honen muga balioa ere. Beraz, alarma sistemak modu egokian funtzionatu izan balu urtegia itxita egon beharko litzateke eta segurtasun protokoloari so eginez gero 6 hilabetez gutxienez.
- Zer pausu eman dituzue?
* Arartekoari kexa bat planteatu genion, urtegia hornikuntza sarera lotuta zegoenean jakin izan genuenean.
* Alkatearekin bilera bat izatea eskatu genuen.
* Alkateari zuzen-zuzenean eskutitz bat igorri diogu.
Antzeko dokumentua helarazi diegu:
* Barakaldoko udal talde guztiei.
* Arazo honen parte diren instituzio publikoei: Osasun eta Kontsumo Saila, URA, Ur Partzuergoa, IHOBE eta baita Lehendakariari ere.
- Zer lortu duzue orain arte?
Instituzioengandik:
- Arartekoak Osasun Sailari Oiolako uraren kudeaketari buruzko informazio zehatza, nahikoa eta eguneratua emateko eta baita parte hartzeko mekanismoak martxan jartzeko eskatzen dio.
- Barakaldoko Udaletxeak Osoko Bilkuran gure eskaera oinarrian duen mozioa onartu du.
Herritarrengandik:
Herritarrengandik jasotako erantzuna positiboki baloratzeko modukoa da. Herritar ugari batu gara arazo honi aurre egiteko eta horren isla da martxoaren 22an, Uraren Nazioarteko Egunean egin genuen kontzentrazioa.
- Eta orain zer?
Oraindik ere elkarteak batzen ari gara eta gure asmoa arazo hau konpondu arte lanean jarraitzea da.
- Zer eskatzen duzue?
1. Jarraipen batzorde bat sortzea zeresana daukaten eragile guztiekin, herritarrak barne.
2. Oiola gure hornidurara sarera ez konektatzea, kutsadura iturri guztiak desagertu arte.
3. Ikerketen eta hartutako erabaki guztien inguruko informazioa helaraztea.
4. Herritarroi ur hau edateko arrisku onartzeko prest gauden galdetu, herri kontsulta bat eginez.